2011n Monte Planon Tafallako Udalarekin elkarlanean sortutako Oinez basoa proiektu globalaren aitzindari da eta, beraz, sarea osatzen duten gainerako baso eta ikastolentzat erreferentzia.
Hartutako konpromisoari eutsiz, Garcés de los Fayos Ikastolak proiektua zegokion moduan gara zedin bermatu du.
Hezkuntza oinarrizko faktorea da gero eta premiazkoagoa den klima aldaketaren aurkako mundu mailako borrokan. Fenomeno honekin lotutako ezagutzek planeta berotzearen ondorioak ulertzen eta aztertzen laguntzen dituzte gazteak, euren jokabideak aldatzera bultzatzen dituzte eta mundu mailako larrialdi egoera denarekiko egokitzea ahalbidetzen dute.
Tafallan, Garcés de los Fayos Ikastolaren testuinguruaren azterketatik abiatuta, familiek, ikasleek eta irakasleek esku-hartze didaktikorako estrategiak ezarri dituzte Oinez Basoari lotuta. Diseinatutako metodologiari esker, ikasleek zuzenean har dezakete parte. Ingurumenarekin lotutako balioak eta ezagutzak lantzen dira eta mundu naturalari buruzko jakin-mina eta planetarekiko kezka pizten dira. Hori guztia, gure ikasleek kontzientzia har dezaten eta bizitza jasangarriagoa gauzatzeko gai izan daitezen.
Monte Planoko Oinez Basoa baso mediterraneoa da eta Garcés de los Fayos Ikastolako ikasleek zuzenean parte hartzen dute landaketaren mantentze lanetan. Horretarako, DBH 1. eta 3. mailako ikasleek ezkurrak biltzen dituzte gero ikastolan bertan ernetzeko. Ondoren, DBHko 2. eta 4. mailako ikasleak Oinez Basoan aurrera egin ez duten landareak ikastolan sortutako landareekin ordezkatzen dituzte.
Monte Planoko 2011ko esperientzia arrakastatsua abiatu zenetik 11 urte pasa dira eta Tafallako ikastolak Oinez Basoa proiektuari jarraipena emateko erronkari heldu dio aurten. Ekimen berri eta originala proposatzen dugu, ilusioz beteriko bestelako proposamen bat. Oinez Basoa 2022 proiektuak ura, hegaztien behaketa eta zuhaitzen eremu berria batzen ditu.
CASCARRUEJOSEKO URMAELA SENDOTU ETA GOZATU BEHARREKO EREMUA
Tafallako Natura Ondarearen txoko ederra den Aintzira txiki honetan, hegazti Behatoki bat sortzea pentsatu dugu gozamenerako eta ingurumen-hezkuntzarako beste elementu baten gisa.
Kokagunea La Sarda eta Candaraiz parajeen artean dago, Cascarruejos Aintzira endorreikoa da, euri urarekin sortzen dena.
Duela 50 urte Aintzira drainatu egin zen eta lur eremua lanerako lurra bihurtu zen. 2009. urtean Aintzira berreskuratzea eta laborantzarako lurrak ez esleitzea erabaki zen. Aintzirak, bere onera itzulita, lursaila urez estali zuen. Urak (urteko publiometriaren arabera) 4 eta 5 hektarea arteko azalera hartzen du. 2011n, behin betiko drainatze artifiziala kentzea erabaki zen, jatorrizko ezaugarriak berreskura zitzan.
Irudian, eraikiko den Behatokiaren kokapena ikus daiteke (P1). Aldi berean, burutuko ditugun landaketen kokapenak. Zenbait zuhaitz eta zuhaitz-espezie (P2) eta Tamariz landareak (P2.1) landatuko dira Cascarruejos Aintzira eder honen inguruan.
Tafallako Udalak oso ongi hartu du gure proposamena eta bere laguntzari esker badugu Nafarroako Gobernuaren Landa garapen eta Ingurumen Departamenduaren baimena.
Gure asmoa lurraldean ahalik eta integratuen egongo den Behatokia eraikitzea da, inguruko landa eraikinen antzekoa, ahal den neurrian birziklatutako materialekin, non harriek, kareak, lurrak eta zurak paisaiarekin mimetizatuko duten.
Jarduera didaktikoak oinarri, ikasleekin (ikasgela bat) joan ahal izateko behar besteko neurria izan dezan nahi dugu. Halaber, paisaia ederraz eta hegazti faunarekin gozatzeaz gain, ibiltari taldeentzat indarberritzeko aterpea izan dadin.
I-H bideak Abelbidearekin bat egiten duenez, Behatokiaren atzeko gune bat (P3) ibilgailuen aparkaleku gisa egokitzea proposatzen dugu. Modu honetan, ez dute Aintziraren espazioa hartuko.
Era berean, araudiak ahalbidetzen duenaren arabera, zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira eremu honetan eta Abelbidean zehar.