Martxoaren 26an, igandearekin goizeko hamar eta erdietan lehengo basoaren inaugurazio ekitalditxoari ekin zioten Sartagudako Memoriaren parkearen ondoan, handik hasten baita landatu den Sartagudako etorbide berdea. Euskararen aldeko basoa ezagutzeko bertaratu ziren Ibaialde eta Erentzun Ikastolako ikasle, guraso, ikasle ohi, irakasle, ikastoletako lagunak zein Sartaguda eta Andosillako herritarrak. Bertan ere, Tantirumairu ikastolako ordezkariak, Nafarroa Oinez 2017ko antolatzaileak direnak; Iñigo Telleria eta Maite Otero, Ibaialde eta Erentzun Ikastolako zuzendariak; Laura Miquelez eta Txema Yániz, Ibaialde eta Erentzun Ikastolako lehendakariak; Susana Garralda, NIEko lehendakariordea; Paolo Albanese, Sartagudako alkatea; Jose Manuel Terés, Andosillako alkatea eta Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria izan ziren.
Ondoren gerturatu diren familiek lehengo zuhaitz landaketa egin zuten: lertxunak, arteak, haltzak eta olibondoak, besteak beste.
Jarraian Andosillako Gurutze Santuko baselizara mugitu ziren eta bertan Andosillako Oinez Basoko inaugurazioa egin zen. Honetan, lehen aipatutako ordezkariei Jose Luis Murguiondo Vianako alkatea ere gehitu zen.
Landaketa egin zen paraje honetan ere, oraingoan pinu gorriak eta arteak izan ziren. Eguraldiak lagun, hamaiketako batekin amaitu zen goiza.
2016ko Nafarroa Oinezek lehendabizikoz bi herri desberdinetan proiektatuko basoak ekarri ditu. Batetik, Sartagudan, Memoriaren parkea eta Ebro ibaia lotzen dituen interes berezia duen sakana zuhaitzez hornitu da etorbide berde bat eratuz. 580 zuhaitz izan dira: lertxunak, arteak, haltzak, basakak, oilaranak, olibondoak, basa arrosak, elorri beltzak eta elorri zuriak. Bestetik, Andosillako Gurutze Santuaren baselizaren ondoan, bertako ekosistema desberdinen kontserbazioan lagunduko duen baso-berritzea aurrera eramango da gaur hasi eta apirilaren 15etan amaituko den landaketarekin. Honetan 8.500 pinu gorri, pinazi-pinu eta arte. Bi baso hauekin 2,9 hektarea birlandatu dira. Beraz, guztira, 9.100 zuhaitz inguru gehituko dira Oinez Basoa proiektura.
Erentzun eta Ibaialde Ikastolena Nafarroa Oinezek sortu duen seigarren baso proiektua da, 2008an Oinez Basoa martxan jarri zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi-efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, festa ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: natur gune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen. Nafarroako ikastolek Oinez Basoa abian jarri zutenetik 35.000 zuhaitz landatu dira Nafarroan barna. Erentzun eta Ibaialde Ikastolek lekukoa Tantirumairu Ikastolari pasa diote eta hortaz, zazpigarren Oinez Basoa Bortzirietan sortuko da.