Argia Ikastola

Nola iritsi gara honaino? Gure historia.

Argia Ikastolaren historia 1984an hasi zen; zehazki, azaroaren 5ean, bost neska-mutil eskolak euskaraz jasotzen hasi zirenean Beterri peñako lokaletan. Guraso talde baten ekimenari eta ahaleginari esker abiatu zen, haiek egin baitzuten apustua Erriberan aitzindaria zen hezkuntza proiektu euskaldun eta kooperatiba izaerakoaren alde.

1985ean, Beterri peñatik San Martzial kaleko etxebizitza batera pasa ziren. Ilusioz beteriko momentuak ziren, zailak ere bai, eta orduko protagonistek apustu sendo eta ausarta egin zuten. Lokal hartan 1989. urtera arte egon ziren; ordurako 40 ikasle inguru zituen ikastolak.

90eko hamarkadan beste lekualdaketa bat izan zen, ilusio berri bat. Proiektua gero eta handiagoa egiten ari zen, eta lekuak txiki geratzen ari zitzaizkigun. Ikasleak 75 inguru ziren ordurako, eta 1991-1992 ikasturteko eskolak aurretik behitegia izan zen Vaqueria izeneko eraikin batean hasi genituen.

1995a ere urte gakoa da gure historian. Argia Ikastolaren sendotze urtea izan zen. Urte horretan lehen aldiz antolatu genuen Nafarroa Oinez Tuteran. Jende askoren ahaleginari eta elkarlanari esker antolatu zen festa; irakasleek, irakasle ez ziren langileek eta familia guztiek ez ezik, Erriberako eta Erriberatik kanpoko beste pertsona askok ere lagundu zuen festaren antolakuntzan, eta gaur egun Fontellasen ditugun instalazioak eraikitzea lortu genuen. Irakaskuntzarako beharrezko diren baldintzak zituzten instalazioek, eta handik aurrera, aurretik ere Erriberako beste herriren bat edo bestetik ikasleak jasotzen bagenituen ere, Argia Ikastola eskualdeko ikastetxe bihurtu zen, Erriberako Ikastola, hain zuzen ere.

2000. urtean hazten jarraitzen genuen, eta ikastetxea handitzeko lanak egin genituen; bigarren solairuan kokatu genituen Lehen Hezkuntzako hainbat gela eta Bigarren Hezkuntzakoak.

Bi urte geroago, 2002an, bigarren Nafarroa Oineza iritsi zen Erriberara. Berriro ere, Argia Ikastola osatzen duen familiak aparteko ahalegina egin zuen festa aurrera atera zedin, eta lortu genuen ikastolako kolektibo osoaren eta boluntario askoren esfortzuari esker, ez baitzuten zalantzarik izan Erriberako proiektu soziokultural bat laguntzeko unean.

2006an, negoziazio luzeen ondoren, Argia Ikastola legalizatu zen, abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legeak, ez-euskalduna izendatzen duen eremuan dauden beste ikastolen legalizazioarekin batera. Une hartara arte, legez kanpoko ikastetxe bat izateak dituen kalte guztiak jasan behar izan genituen.

2006ko urriaren 13an Nafarroako Gobernuak bere itun erregimenean sartu zuen gure ikastola. Behin betikoz Fontellaseko Argia Ikastolaren irekiera eta funtzionamendua baimendu zituen eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntzako zikloa eman genitzakeen. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zikloa ere baimendu zen, baina salbuespenezko eta aldi baterako izaerarekin, Heziketa Fisikoa emateko kiroldegi bat edukitzea ezinbesteko baldintza baitzen.

Horrela iritsi ginen 2013ra. Tuterak beste Nafarroa Oinez bat behar zuen, kiroldegiak eraiki gabe jarraitzen baitzuen, eta behar genuen Nafarroako Gobernuak ezarritako eskakizuna betetzeko, eta, horrela, Bigarren Hezkuntzako zikloa behin betikoz irekitzeko. Aurreko bi edizioetan metatutako esperientzia, ilusio, konpromiso eta lanari esker, urte osoan zehar hamaika jarduera antolatu zen Erriberan, eta urriaren 20an, berriro ere, milaka eta milaka lagun jaso genituen Nafarroako Ikastolen festa ospatzeko.

Gaur egun 200 ikasle inguru gara, eta Argiaren proiektua erabat finkatuta dago. Lanean eta hobetzen jarraitzen dugu, gure ikastolarena ezinbesteko hezkuntza aukera izan eta euskaldun belaunaldi berriak hezten jarraitzeko.

Ikastola garelako

Bide hau guztia ez dugu inoiz bakarrik egin. Argia Ikastola hezkuntza kooperatiba bat da, euren seme-alaben heziketan parte hartze aktiboa duten bazkidez osatua. Ikastola proiektua printzipio batzuen gainean eraiki zen, eta printzipio horiei leial, zerbitzu publikoa eta irisgarria eskaini nahi dugu, eta gure seme-alabak Ikastola proiektuaren oinarrizko balioetan formatu: ikastolak bere-bereak dituen kooperatibismoan, elkartasunean eta auzolanean.

Hezkuntza komunitatea ikasle, guraso, langile eta laguntzaileek osatzen dute. Engranaje horretako kide guztiak dira nahitaezkoak ikastolak funtziona dezan. Denak dira ezinbesteko protagonista proiektu eta erronka berriekin jarraitzeko, eta ikastetxearen historian zehar kide guztiak inplikatu dira eskualdean erreferente izateko eta euskararen normalizazioaren alde lan egiteko.

Argia Ikastola Nafarroako Ikastolen Federazioko eta Ikastolen Elkarteko kide da; guztira, 106 ikastola, 56.860 ikasle, 3.760 irakasle eta irakasle ez diren 950 langile ditu, eta guztiek erantzukidetasunez dihardute lanean hezkuntza proiektuaren helburuak lortzeko.

Hain muga zabalak izatea abantaila den arren, halako zenbaki handiekin ez zaigu ahazten gure sustraiak Nafarroako Erriberan daudela. Herri askotako ikasleak jasotzen ditugu (Tutera, Fontellas, Cintruenigo, Corella, Cascante, Murchante, Alesbes, Cadreita, Arguedas, Castejon, Buñuel, Cortes, Ribaforada...) eta gure familiek herri horietako bizitza sozial eta kulturalean parte hartzen dute, gero eta aberatsago eta pluralago eginez.

Iritsi garen lekura iristea lortzeko, ikastolen historiako funtsezko balioak ditugu: esfortzua, ilusioa, elkarlana, konpromisoa, berrikuntza, bokazio soziala, inplikazioa, auzolana, autokudeaketa, laguntza eta esker ona proiektu hau aurrera eramaten lagundu diguten pertsona guztiekiko.



Hurrengo ekitaldiak

Egin zure ekarpena Pedro Luis Kontserbak Babesleak Boluntarioak