NAFARROA OINEZ 2018
URRIAK 21 - Altsasu

2017/11/02

Iruñean aurkeztu zen Iñigo Aritza ikastolak antolatuko duen 4. Nafarroa Oineza, #BIZI leloa izango duena. Pertsona guztiek festa hau bizi ahal izateko lehenengo Nafarroa Oinez inklusiboa antolatzeko erronka jarri dute mahai gainean.

Eneida Carreñok, Iñigo Aritza ikastolako lehendakariak, eta Ibai Iriartek ikastolako zuzendariak, Nafarroa Oinez 2018 aurkeztu dute Iruñean gaur goizean. Biek azaldu dutenez, “gure ibilbidearen hasieran sortutako azpiegiturak zaharberritze baten beharrean daude. Horixe da besteak beste, aurtengo helburuetako bat. Hori eta gure hezkuntza eredua sendotzen eta zabaltzen jarraitzen, ikastolan eta kalean, euskara eskolan bai baina kalean ere ezaguna eta erabilia izan daitezen”.

Iñigo Aritza ikastolaren laugarren Nafarroa Oinez izanen da 2018koa (1981ekoa Andra Mari ikastolarekin batera antolatu zuen). Nafarroako ikastolen festa antolatzea bera erronka handia bada, Iñigo Aritza ikastolakoek erronka berria gaineratu diote: “Nafarroa Oinez inklusiboa egitea”. Ikastetxeko ordezkariek azaldu zutenez, “urteak dira gure ikastolak inklusibitatearen aldeko apustua egin zuela, pertsona guztientzako kalitatezko hezkuntza baten bidean eta ikasleen aniztasunari arreta jarriz. Oraingoan ikastola espazio fisikotik atera eta aisialdian benetako pausu kualitatibo bat emateko erronka abian dugu”. Beraz, Oinez inklusibo bat diseinatu eta garatzeko apustua egin dugu.

Horregatik, antolatuko dituzten ekitaldi eta jarduera guztiak inklusiboak izaten ahaleginduko dira. Dagoeneko hasi dira, Lesakatik Altsasura mendiz mendi ekarri eta plazan harrera egin zietenean, zeinu hizkuntzan mezua eman zuen itzultzaile bat izan zen esatariaren ondoan. 

Leloa eta logoa

Nafarroa Oinez 2018ko leloa Bizi da. Aurkezpenean esan dutenez, “lelo laburra eta ausarta, gure ustez indar handia duena, alaia, irekia eta positiboa. Ilusioa, indarra eta gogoa adierazten du bote-lasterrean, eta, hain zuzen ere, leloak duen zabaltasuna da bere indar nagusiena”. Gaineratu dutenez, “bizi” hitzak “gutako bakoitzak sentimendu, bizipen edota ideia batekin lotzen du; ez du, zertan, berdina izan. Horregatik, jende asko leloarekin identifikatua sentituko dela uste dugu”.

Elementu zentrala lore bat da. “Baina lore horren eraikuntzan Iñigo Aritza ikastolaren eta Oinezaren hainbat zutabe ikusi ditzakegu. Lehenik, BIZI leloarekin lotura zuzena duen bihotza ikusi dezakegu, lorearen petaloek itxura hori baitute. Bigarrenik, lau bihotzez osaturiko lorea da, Iñigo Aritza osatzen duten lau herriak irudikatu nahi ditugulako: Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordia”. Azken horiek bakoitzak kolore desberdin bat du. “Petaloak zirkulu batean elkartzen dira, zirkulu batek lotzen ditu. Izan ere, gure ikastola elkarlanean dagoen komunitate baten gisara irudikatzen dugu, hainbat sektorez osatua: ikasleak, gurasoak, irakasleak, gainontzeko langileak… Denok elkarloturik gure helburuak lortzeko”.

Proiektua

Iñigo Aritza ikastolako komunitatea Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordiko familiek osatzen dute. 369 ikasle guztira, horrela banatuta daudenak: 39 0-3 zikloan, 68 Haur Hezkuntzan, 152 Lehen Hezkuntzan eta 110 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, “proiektua sortu zenetik Iñigo Aritzak oso argi izan du zein den bere helburua: euskara eta euskal kulturaren aldeko etengabeko proiektua bultzatzea da, herritik sortua eta herriarendako. Euskal herrian hain gurea dugun kooperatibismoan oinarrituz eta elkartasuna, auzolana eta elkarlaguntza bultzatzen duen proiektua du xede”.
 

Itzuli
BIZI Nafarroa Oineza, 2018an Altsasun

Hurrengo ekitaldiak