Tantirumairu Ikastola - Lesaka Nafarroako Ikastolen Elkartea

2017/06/19

“Udako arroparekin Bat in, eta San Ferminetan ere Bikin bat in!’ goiburupean, udari eta San Ferminei begira aterako duen arropa eta material bildumaren aurkezpena eginen du Nafarroa Oinezek ekainaren 22an, ortzegun arratsaldeko 6:30ean Iruñeko Nafarroa Oinez dendan (San Anton kalea, 24). Egun horretan, Iruñeko dendan izanen dira Oier Sanjurjo, Osasuna futbol taldeko jokalari eta kapitaina; Abel Barriola, pilotari profesional handia izan den eta berriki profesonal izateari utzi dion leitzarra eta Anabel Arraiza aktore eta abeslari, bakoitza bere arloan eredu izateaz gain, euskararen inguruko gaietan laguntzeko prest aldioro agertzen direnak.

Ortzegun honetan, Iruñeko denda 18:00etatik 20:00etara egonen da irekia. Egun horretan erosten duten guztiei %10ko deskontuko bono-txartel bat emanen zaio, hilabete batean dendan gastatzeko.

Udarekin batera, Tantirumairu ikastolak Lesakan antolatuko duen Nafarroa Oinez eguna ere (urriaren 15a) gero eta hurbilago dago. Ospakizun hau antolatzeko hainbat lan-talde lanean ari dira, 13 batzordetan banatuak eta orain, udarako eta Iruñea nahiz Lesakako Sanferminetarako arropa berria aurkeztuko dute. Aitor Iratzoki, Nafarroa Oinezeko zuzendariak aipatu duenez, “urtebete pasatxo daramagu buru belarri auzolanean eta urriak 15a ere hurbiltzen ari zaigu. Urte lanpetua baina zirraragarria bizitzen ari gara. Tartean hainbat ekitaldi burutu ditugu eta ortzegunean, mimo handiz diseinaturiko udarako arropa berria eta sanferminetarako sorturikoa aurkeztuko dugu. Xuri-gorriz jantziko zaizkigu uztail hasieran Iruñea nahiz Lesaka eta alaitasunez ospatuko ditugu bestak. Euskal Herriko jende anitz hurbiltzen da gurera eta mundu mailakoa hiriburura. Zer hoberik Nafarroa Oinezeko kamisetak jantziz bestaratzen direnei ikastolak ezagutzera ematea baino? Euskaraz biziko ditugu sanferminak”.

Ikusi bilduma berria

Itzuli
Udako eta Sanferminetako arropa bilduma berria aurkeztuko du Nafarroa Oinezek ekainaren 22an

Hurrengo ekitaldiak

Facebooken jarraitu

Twitteren jarraitu