2021/08/15

 

Lizarra Ikastolak bizitako bost hamarkadak gogora ekarri ditu asteburuan, publiko guztiei zuzendutako ekintzaz josita. Abuztuaren 13an hasi zen, ostiralaz, urtemuga ekitaldiarekin, Los Llanos Zinemetako areto nagusian arratsaldeko 20:00etan. Ikastolak bere ibilbidearen oroitzapena egin zuen. Bertsoak izan ziren baita pertsona adierazgarrien solasak, langileenak, ikastolako lehendakarienak. Halaber, profil eta belaunaldi desberdinetako ikasle ohien parte-hartzea izan zen, zeintzuek egun munduko leku eta esparru ezberdinetan moldatu ahal izateko ikastolak emandako baliabideak ekarri zituzten gogora. Gainera, etorkizuneko belaunaldiei aholkuak eman zizkieten eta datozen urteetan nolako ikastola gustatuko litzaiekeen ere adierazi zuten, izan ere, bost hamarkada hauetan garatutako lanarekin jarraitu ahal izateko, datozenekin pentsatzea ezinbestekoa da.

Ikasle ohiek egun sustraiek, euskarak eta euskal kulturak euren egunerokotasunean bizi-bizirik dirautela nabarmendu zuten, eta baita eskolan irakatsitako baloreak ere, adibidez inguruaren zainketa eta ingurumen-erantzukizuna; berdintasuna; hizkuntza aniztasuna eta kultura ezberdinekiko begirunea eta jakin-mina; lankidetza eta gizarte-lana; eta, aurrekoarekin oso lotuta, mundua aldatzeko ekimena, ausardia, esfortzua eta sufrimendua, “Ezina ekinez egina” leloari jarraituz Lizarra Ikastola sortu zuten aurreneko gurasoena bezalakoa.

Ekitaldiari amaiera ezin hobea emateko abestiaren erakustaldia burutu zen, eta bere pieza audiobisuala, euskararen jaiarena, egileak hain zuzen  ikasle ohiak izan direlarik. Hauen artean, esate baterako, Urko Peralek musikaren konposizioa egin du, tradiziozko musikaren eta gaur egunekoaren erritmoak bateratuz; Iñigo Urrizelkik bideokliparen produkzioa burutu du; edo, Iñaki Elkano, lan zinematografikoaz arduratu da.

Halaber, bertako musikari profesionalek parte hartu dute, tokiko arte-komunitateari laguntzeko asmoaz. Are gehiago, bideoak Lizarraldearekin harreman estua dauka, bertako paisai desberdinetan filmatu da eta -Pilatosen Balkoia, Zubielkiko geltoki zaharra, Irantzu Monasterioa, Lizarrako Gazteluen Gurutzea…-, Lizarra Ikastolak eskualdearen euskalduntze prozesuarekin eta zonaldearekin duen erlazio estua plazaratzen duena, izan ere erdigunea ez da Egaren Hirira murrizten, aitzitik, eskolaren komunitatea haratago doa. Ikasle ohiek beraiek nabarmendu zuten ikastola hautatu izana egunero autoan hurbiltzearen esfortzua egin behar izan arren. Gaia ez da honekin amaitzen, egun, Lizarraldea ezin izango litzateke ulertu eskola hau gabe, bizilagunek sortutakoa eta merindadeari horrenbeste ekarpen egin izan diona lekuko elkarteekin kolaborazio etengabearen bitartez edo eta bai Palokiak, bai Santa Ageda moduko irudi kultural eta ohituren berreskurapenen bidez. Herritik sortutako proiektua da eta herriari itzultzen zaiona, zerbitzu publikoaren bokazioa baitu.

Hau guztia osasun-krisiak utzitako ziurgabetasunez estalikako egoera zailaren eskutik dator, baina honek ez du eragotzi Lizarra Ikastola osatzen dutenek -familiak, langileak, ikasle ohiak, lizartarrak, merindadeko bizilagunak…- burutu ahal izatea, behin eta berriro egoera berriei egokituz, osasun-neurri guztiak errespetatuz, hezkuntza-proiektu batekiko konpromisoak gidatuta, bi urte luzez honakoen moduko jarduerak; Nafarroa Oinezeko Lau Terdiko Txapelketa; Artea Oinez erakusketa; Oinez Basoa abian jartzea; eta azkeneko bi jardunaldiak ikastetxearen 50. urtemuga ospatzeko. Hauxe da Ikastolek defendatzen duten kooperatibismoaren isla, gizartea kultura eta hizkuntzarekin aberastearekin batera. Garai zail hauetan, konpromiso hori, bereziki, berretsi egin da.

Horrela, atzo, abuztuak 14a, goizeko 12:30ean doako haur-ikuskizun bat eskaini zen ikuslego zabalarentzako Lizarra Ikastolan, Kiki, Koko eta Mokoren Bizi-bizi Zirkua saio parte hartzailea; eta Los Llanos Kulturaguneko Lorategietan, 20:30ean eta 22:00etan lizarrako Paulantropia kantautorearen eta Gatiburen, kasu honetan modu akustikoan, hurrenez-hurreneko kontzertuak. Eguraldiak hasieratik lagundu zuen, modu honetan, pandemia dela eta ezarritako edukieraren baitan eserleku guztiak bete ziren eta gerturatutakoek ederki pasatzeko aukera izan zuten.

Euskara eta euskal kulturaren hedatzearen ideiari lotutako programa koherentea izan zen, zeinean Lizarraldeko zein kanpotik etorritako bizilagunek parte hartu baitzuten. Era honetan, mundu guztiak, Txiok barne, Oinez 21eko maskotak, urtemuga eta hezkuntza eredu honen arrakasta ospatu zuen, era berean ikastetxea sustatuz bere eginkizunarekin beste bost hamarkadaz gutxienez jarrai dezan, Lizarran urriaren 16 eta 17an ospatuko den bukaerako jaiaren bezpera izan delarik.

Eskola 70eko hamarkadan lau oinean ibiltzen hasi zelako, baina urtez urte ibiltzen ikasi zuelako eta, gaur, bere ikasle ohien antzera, hegan egiteko prest delako. Bere hurrengo xedea: haur eskola, proiektu ameslaria zirudienari jarraitasuna ematea ahalbidetuko duena, baina haurren behar eta eskaerei egokitutako lanabes eta baldintzarik hoberenak eskaintzen jarraituko duen eta gaur egun etengabe berritzen den errealitatea dena. Hegan Oinez!!!



Itzuli
LIZARRA IKASTOLAK ABUZTUAREN 13 ETA 14AN BERE 50. URTEMUGA OSPATU ZUEN LIZARRA IKASTOLAK ABUZTUAREN 13 ETA 14AN BERE 50. URTEMUGA OSPATU ZUEN

Hurrengo ekitaldiak