NAFARROA OINEZ 2018
URRIAK 21 - Altsasu

2018/05/24

Entzun nola BIrZIklatzen dudan lehiaketa

LEHIAKETARAKO OINARRIAK

Euskararen erabilera aisian, teknologien erabilera arduratsua, jasangarritasuna eta birziklatze sortzailea sustatzeko helburuz, Altsasuko Iñigo Aritza Ikastola, antolatzen ari den Nafarro Oinez 2018ko ingurumen batzordeak “Entzun nola birziklatzen dudan” lehiaketarako deialdia luzatzen du.

1. GAIAK ETA PROIEKTU MOTAK

Lehiaketa honek haurtzaro eta nerabezaroan, teknologiaren erabilera arduratsua, euskararen erabilera aisian, jasangarritasuna eta birziklatzea sustatzea du xede; proposatutako leloa “Entzun nola bizriklatzen dudan” izanik.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko, pertsona edota talde bakoitzak, bideo bat bidali behar du birziklatutako materialak erabiliz, jostailu bat nola sortzen duen azalduz edota jasangarriagoak izateko aholkuak emanez. (Adibidez: lorategian ura aurrezteko 5 aholku).

Edozein adierazpen edo diziplina mota onartuko da (musika, antzerkia, dantza, performance, libdup,…), baina ikus – entzunezko formatuan (irudia eta soinua) aurkeztu behar da eta “DIY – Do it yourself” (zuk zeuk egin ezazu) bat azaldu behar da, azalpenak euskaraz izateaz gain, ahoz zein idatziz azaldu behar direlarik. Ahozko azalpenak idatziz jaso behar dira bideoan bertan edota beste artxibo batean, idatzizko testua atxikitu.

2. PARTEHARTZAILEAK.

Lehiaketa, Nafarroako Ikastoletan ikasten duten Lehen Hezkuntzako 1.maila eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4.maila bitarteko (biak barne), adin txikiko pertsonei zuzendua dago.

Parte hartzea banaka zein taldeka eman daiteke. Kontuan izan beharreko murrizketak:

  • Pertsona bakoitzak, gehienez, bi aldiz parte hartu ahal izanen du, bat banaka eta bestea taldeka izanik.
  • Talde bakoitzak, gehienez, 4 partaide izan ditzake.
  • Talde bakoitza, adin desberdinetako baina maila/ kategoria bereko pertsonaz osatua egon daiteke.

Partehartze mailak/ kategoriak:

  • Maila: Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 3. maila bitarteko ikasleak hartuko ditu.
  • Maila: Lehen hezkuntzako 3. mailatik 6. maila bitarteko ikasleak hartuko ditu.
  • Maila: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik 4.maila bitarteko ikasleak hartuko ditu.

3. AURKEZTUTAKO PROIEKTUEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK.

  • Proposamenek originalak, jatorrizkoak, behar dute izan (hirugarrenenak usurpatu edota plagiatu gabe).
  • Bideo bakoitzak, gehienez, 3 minutuko iraupena izanen du (180segundo)
  • Ahozko zein idatzizko azalpenetan erabili beharreko hizkuntza: euskara.
  • Partaideak: 1 eta 4 bitartean (maila/ kategoria berean).

4. NOLA PARTE HARTU.

  • Bi proposemetako bati erantzuten dion bideo bat grabatu, bakarrik edota gehienez, hiru lagunekin batera eta heldu baten ardurapean.
  • Proposamena honako helbidera bidali WeTransfer bidez:
    koordinazioa@oinez2018.ikastola.eus
    Email berean, artxibo batean, honako datuak zehaztu:
    • Bideo – proposamenaren izenburua
    • Partaide bakoitzaren: izen – deiturak, jaiotze data, ikasketa maila, Ikastolaren izena eta herria.
    • Pertsona heldu arduradunaren (gurasoa, tutorea, irakaslea,…) izen – deiturak eta NAN edota pasaportea.

5. LEHIAKETARAKO EPEAK

“Entzun nola birziklatzen dudan” lehiaketak jarraituko duen egutegia honakoa izanen da:

  • Bideo – proposamenen bidalketa epea: 2018ko apirilaren 15tik 2018ko ekainaren 15era (biak barne).
  • Epaimahaiaren balorazio lana burutzeko epea: 2018ko ekainaren 16tik 27ra (biak barne).
  • Epaitza eta irabazleei jakinarazpena: 2018ko ekainaren 28a.
  • Sari banaketa: 2018ko uztailaren 6 – 14 bitartean, Oinez txokoan, Nafarroa Oinez 2018ko San Ferminetako jarduera programan zehaztuko da. Maila/ kategoria bakoitzeko, sari bat izanen da.

Antolakuntzak, goian aipatu epeak aldatzeko eskubidea izanen du, hala izan behar badu, beti ere, web orrialdearen bitartez, aldez aurretik jakinaraziko duelarik.

6. EPAIMAHAIA

Epaimahaiaren osaketa honakoa izanen da:

  • Ibai Iriarte San Vicente, Iñigo Aritza ikastolako zuzendaria.
  • Jone Areta Urrestaratzu, Nafarroa Oinez 2018aren koordinatzailea.
  • Josean Márquez Cano, Ingurumen Batzordearen arduraduna.
  • Jonan Apaolaza Goikoetxea, Komunikazio Batzordearen arduraduna.

Beharrezkoa balitz, epaimahaia osaten duen pertsona bakoitzak, bere funtzioak betetzeko ordezko persona bat izenda dezake.

Kalitate teknikoa edota artistikoaren gainetik, mezua baloratuko da: hausnarketa bultzatzeko gaitasuna, hizkuntzaren erabilera zuzena eta egokia, mezuaren originaltasuna,… Sari ematea hutsik geratzea gerta liteke, epaimahaiak halaxe erabakiko balu, erabakia apelaezina eta ukaezina izanen delarik.

7. ALDERDI LEGALAK

Lehiaketako partehartzaileek, euren proposamenen komunikazio, erreprodukzio, zabalkuntza eta edizio eskubideak, doan ematen dituzte, Nafarroa Oinez 2018 edota Iñigo Aritza Ikastolak sortu nahiko lituzkeen katalogo, kartel edota promoziorako edozein euskarrietan erabiltzeko eskubidea bermatuz. Baita bideo – proposamenen argitalpena ere, web orrialdea eta sare sozialetan.

Antolakuntzak, ez du hirugarren pertsonen lanen eskubideak urratu ditzaketen proposamenen ardura bere gain hartzen, azken hauek erreklamazioak egiteko arduradun bakarrak izanen direlarik. Aldi berean, antolakuntzak, lehiaketaren helburua betetzen ez duten edo iraingarriak izan daitezkeen bideoak ez onartzeko eskubidea izanen du.

Pertsonalak diren datuak, lehiaketan izena eman eta irabazleekin harremanetan jartzeko erabiliko dira soilik. Ez dira antolakuntzatik kanpoko inongo fitxerotan gehituko, eta ez zaizkio beste edozein erakundeari emanen.

Itzuli

Hurrengo ekitaldiak