NAFARROA OINEZ 2018
URRIAK 21 - Altsasu

2018/04/13

Artea Oinez erakusketa

Gaur arratsaldeko 18:00etan hasi eta datorren maiatzaren 5 arte zabalik egongo da Artea Oinez erakusketa Iruñeko Kondestablearen Jauregian.

Altsasuko ikastolaren eskutik izen handiko 74 artisten obrak biltzen ditu erakusketak. Artistek Nafarroa Oinez antolatzeko ardura duen Iñigo Aritza Ikastola lagundu nahian hainbat eskultura, argazki, margolan eta grabatu euren eskura jarri dituzte.

Erakusketaren xehetasunak goizean izandako prentsaurrekoan azaldu dituzte Maitena Muruzabal, Iruñeko Kultura eta Hezkuntza saileko zuzendariak, Josu Reparaz, NIEko zuzendariak eta, aldi berean, erakusketaren komisarioak, eta Ibai Iriarte, Iñigo Aritza Ikastolako zuzendariak.

Udal ordezkariaren hitzetan Artea Oinez erakusketa arras garrantzitsua da hala hiriari nola hiritarrei begira. Halaber, Nafarroako Ikastolen Elkartea zoriondu du 90eko hamarkadan abian jarri eta egun indarrean dagoen arte erakusketarengatik. Ildo beretik bilduma osatzea ahalbidetzen duten artistei esker ona adierazi die.

Arratsaldeko mustutze ekitaldian, Altsasuko momotxorroek lagunduko dute Dora Salazar aurtengo artista omendua. Era berean, zenbait autoritate izanen dira Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolak antolatzen duen Artea Oinez 2018 erakusketan, bestek beste: Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Kontseilaria eta Gobernuko Eledun Maria Solana andrea, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen, Tokiko Administrazio eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizalde andrea, Euskarabidea- Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregi jauna, Fundación Caja Navarraren izenean: lehendakaria, Javier Miranda eta zuzendari orokorra, Javier Fernández eta erakusketan parte hartu duten hainbat artista.

Dora Salazar, artista omendua


Leku berezia hartu du aurten Dora Salazar, Altsasuko artistak, bera izango baita aurten omenaldia jasoko duena. Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariaren hitzetan, “Artea Oinez 2018k Dora Salazar aukeratu du artista kuttun, bere lan artistikoaren kategoriak eta ikastolei, beti, eskainitako mugarik gabeko eskuzabaltasunagatik”.

Ildo beretik, Iñigo Aritza Ikastolako zuzendariak azpimarratu nahi izan du bai hizkuntzak bai arteak duten garrantzia kulturaren transmisioan, eta BIZI, aurtengo leloa gogoratuz esan du “biak, hizkuntza eta kultura, bizi egin behar direla”.

Erakusketa 19 eskulturaz, 6 argazkiz, 27 pinturaz, marrazki 1ez, eta teknika ezberdinetako 14 grabatuz (inprimatze digitalak, serigrafiak, akuaforteak, eta abar) eta teknika mistoz eginiko 9 lanez osatuta dago. Lan bakoitzean artistak emozio bat transmititzen du, mezu bat, transzendentzia zein galdera.

13 artista ARCO feriako azken edizioan izan dira

Erakusketako 74 artistetatik 26 emakumeak dira. Artisten zerrendan Sakanako 16 ditugu eta  horietatik 12 emakumeak dira. Nafarroako artistak 40 dira eta gainerako 34ak EAEkoak. Erakusketan aurtengo ARCO ferian 7 galeriatan arrakasta handia izan duten 13 artisten lanak aurki ditzakegu.
Iruñeko erakusketa maiatzaren 5ean amaituko da eta ondoren Altsasura eramango da.


Artea Oinez 2018 katalogoa
 

 

Artea Oinez erakusketa
Artea Oinez erakusketa
Itzuli

Hurrengo ekitaldiak