NAFARROA OINEZ 2018
URRIAK 21 - Altsasu

2018/02/05

Inklusibitatea bizi argazkien bidez

Argazkiak bildu:

Inklusioaren irizpideak kontuan izanik, lau herritan (Altsasu, Urdiain, Olazti eta Ziordi) -eta Nafarroako gainerako ikastoletan ere- argazkiak ateratzeko deialdia zabaltzen da. Irizpide horiek errespetatzen diren edozein egoera, toki, protagonista eta bestelakoei argazkiak ateratzean datza ekintza.

Argazkiak bidaltzeko epea: otsailaren 12tik otsailaren 28 arte.

Argazkiak helbide honetara bidali behar dira: oinezguztiokbagara@oinez2018.ikastola.eus

Oinarriak:

  • Helburua egoera inklusiboak plazaratzea da, eta horretarako, argazkietan kontuan hartu beharreko irizpideak ondorengoak dira:
    • Aniztasun funtzionala
    • Genero aniztasuna
    • Kultura edota jatorri aniztasuna
    • Giza irudi aniztasuna
    • Hizkuntza aniztasuna
    • Belaunaldi aniztasuna
    • Osasun aniztasuna
  • Gure ikastolako lau herrietan ateratzeko aukera egongo da, baita Nafarroako beste ikastolak kokatzen diren herrietan ere.
  • Parte hartzaile bakoitzak gehienez bost argazki bidaltzeko aukera izango du.
  • Antolatzaileek bere gain hartzen dute argazki batzuk lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea, giza eskubideen kontrakoak direla uste badute.
  • Argazkiekin batera ondorengo datuak adierazi beharko dira:
    • Egilearen izen-abizenak eta herria.
    • Harremanetarako telefonoa.
    • Argazkiaren azalpena: non eta noiz aterata dagoen.
  • Argazkiak mugikorrarekin edo argazki kamerarekin atera daitezke betiere horiek eskaintzen duten kalitate gorenean.
  • Argazkiak jatorrizkoak, originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute.
  • Argazkiak koloretan zein zuri-beltzean aurkeztu daitezke.
  • Jasotako argazkiekin inklusibitatea BIZI sarea egingo da.
  • Parte hartzaileek bidaltzen dituzten argazkiak ez dira Iñigo Aritza ikastolakoak edo Nafarroa Oinez fundaziokoak izango. Ikastolak gordeko ditu eta horiek erabiltzeko aukera izango du, betiere egilearen izena aipatuz.
  • Parte-hartzearekin egileak aitortzen du bidalitako argazkiaren eta horren edukiaren ardura duela. Hortaz, parte-hartzaile bakoitza izanen da hirugarren baten eskubideak ukatzeagatik gerta litezkeen erreklamazio guztien arduradun bakarra, honen barruan sartuz muga gabeko jabetza eta irudi-eskubideak. Beraz, sareko parte-hartzaileak Iñigo Aritza ikastola eta Nafarroa Oinez fundazioa kaltetu gabe utziko dituela hitzematen du.
  • Beharra izanez gero, antolakuntzak bere gain hartzen du oinarriak aldatzeko ahalmena eta, era berean, ahalmena du oinarrietan ez datorren edozein gertakizun konpontzeko.
  • Parte hartzen duten guztioi argazki guztiekin osatutako bilduma bidaliko zaie.
  • Facebook-en eta web orrian argazki guztiekin osatutako bilduma argitaratuko da.

Inklusibitatea BIZI sarea:

Jasotako argazkiekin sare sozialetan (Facebook, Twiter, Instagram, web orrian) zein ikastolan bertan “jolas” parte hartzaileak proposatuko dira.

Martxoaren 1etik aurrera, 2 egunean behin, jasotako argazki bat argitaratuko da Facebook-en, Twiterren eta Instagramen eta horrekin batera jendeak erantzuteko eta parte hartzeko galdera bat.

Osotara 13 argazki izango dira argitaratuko direnak eta aukeraketaren ardura Guztiok Bagara batzordearena izango da.

Proposatzen ditugun galderak hauek dira:

  • “Bila nazazu kaleetan zehar, Non nago? Adierazi zein herritan eta zein tokitan nagoen”
  • 2 egun igaro ondoren, erantzun zuzena argitaratuko dugu eta hurrengo argazkia proposatuko dugu.

Sentsibilizazio lantegiak:

Jarduera bukatzen denean sentsibilizazio lantegiak antolatuko dira ikastola guztietan, hainbat erakunderen eskutik: CERMIN, BIAK BAT, IBILI, ONCE, EUNATE.

Ekintza honek inklusibitatea BIZItzeko aukera zabala ematen du eta guztion parte hartzea bermatzen du.

Parte-hartzaileak:

Parte hartu nahi duen edonorentzat egongo da zabalik.

Bideoa:


JARDUERAREN OINARRIAK IRAKURKETA ERRAZA |

Inklusibitatea BIZI argazkien bidez Iñigo Aritza Ikastolan

Iñigo Aritza Ikastolan sarea ikasleekin burutuko dugu (LH 3-DBH 4 bitartean). Sare sozialetan azaldutako antzeko metodologia jarraituko da komunikazio kanalak aldatuz. Hau da, sare sozialetan argazkiak publikatu beharrean, ikastolako beheko solairuan egongo den taulan jarriko dira eta ekintza modu honetan garatuko da:

  • 2 egunean behin jasotako argazki bat taulan itsatsiko da dagokion zenbakiarekin eta horrekin batera ikasleek erantzuteko eta parte hartzeko ondorengo galdera egingo da:
    • “Bila nazazu kaleetan zehar, Non nago? Dagokidan zenbakia bilatu eta adierazi zein herritan eta zein tokitan nagoen”.
  • 2 egun pasa ondoren, erantzun zuzena publikatuko dugu eta hurrengo argazkia proposatuko dugu.
  • Horretarako, aurretik argazkiak atera diren tokiak zenbakien bidez markatuko ditugu “sarearekin” hasi baino lehen, dagokion herrian eta dagokion tokian.
Taula
    • Gela bakoitzean 3 ordezkari zozketatuko dira ekintza honetarako (tutoreekin adostuz) eta beraiek hartuko dute taula betetzeko ardura, argazki bakoitza jartzen den momentuan.
    • Ikastolako sarearen berri emango da sare sozialetan, argazkiak igoz.

Sentsibilizazio tailerrak:

Jarduera bukatzen denean sentsibilizazio tailerrak antolatuko dira ikastola guztietan, erakunde desberdinen eskutik: CERMIN, BIAK BAT, IBILI, ONCE, EUNATE.

Ekintza honek inklusibitatea BIZItzeko aukera zabala ematen du eta guztion parte hartzea bermatzen du.

Helburuak:

  • Inklusibitatea ikastolatik kanpo plazaratzea.
  • Inklusibitatea positiboki bizitzea.
  • Gai honekiko sentsibilizazioa garatzea eta denon inplikazioa bilatzea.
  • Ekintza honen eskuragarritasun unibertsala bermatzea.
  • Oinez inklusiboa eta bere helburu eta ezaugarriak ezagutzera ematea eta zabaltzea.
Itzuli

Hurrengo ekitaldiak