NAFARROA OINEZ 2018
URRIAK 21 - Altsasu

2017/11/10

Iñigo Aritzako ikasle, irakasle, guraso, aiton-amona eta herriko kirol eta kultur taldeek hartu zuten parte Iortiako ekitaldian.

Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez 2018 ikastolen festa erraldoiaren aurkezpena egin zuen ostiralean Altsasuko Iortia kultur gunean. Bi pase izan ziren, 18:00etan eta 19:30ean, eta bietan goraino bete zen Iortiako areto nagusia. Aritz Leoz ikasle ohiak egin zituen aurkezpen lanak, alboan Nafarroako Pertsona Gorren Familien Eunate elkarteko kide bat zuela. Izan ere, 2018ko Nafarroa Oineze inklusiboa egitea da erronka, eta, horregatik, zeinuen hizkuntza presente izan zen Iortiako aurkezpenean.

Bizi: bi eskuak bularrera

2018ko Oineza aurkeztu baino lehen, aurretik ikastolak antolatutako 3 Oinezak ekarri ziren gogora: 1981ekoa, 1993ekoa eta 2005ekoa. Iñigo Aritzako irakasleak, gurasoak, ikasle ohiek eta ikasleek hartu zuten parte eta garai hartako pasadizoak ekarri zituzten gogora, orduko Nafarroa Oinezetako logoen irudiekin batera. Ondoren, Nafarroa Oinezaren lekukoa Lesakatik mendiz mendi Altsasuraino nola iritsi zen ikusi ahal izan zen pantailan, eta, azkenik, ikasle batzuk Iortiako oholtza gainera ekarri zuten aipatu lekukoa. Orduan erakutsi zuten 2018ko Oinezaren leloa eta logoa: Bizi izango da leloa, eta 4 bihotzdun lorea, aldiz, logoa, ikastola osatzen duten lau herriak –Ziordia, Olazti, Altsasu eta Urdiain– islatzen dituztenak. Eta inklusibitateari keinu bat eginez, Bizi zeinu hizkuntzan nola esaten den galdetu zion Leozek Eunate elkarteko kideari eta ziurrenik hemendik aurrera ezaguna eta birala egingo den keinua ikasi zuten Iortian bildutakoak: bi eskuak itxita, bularrera gerturatzeko keinua.

Ondoren, dagoeneko Egubera kalean zabalik dagoen Nafarroa Oinez dendan dagoen materiala erakusteko pasarela bilakatu zen Iortia. Desfile jendetsu eta koloretsuan, herriko kirol eta kultur taldeek hartu zuten parte, ikastolako ikasle, irakasle, guraso, aiton-amona eta besterekin batera.

Itzuli
Moda, istorio zaharrak eta lelo eta logo berriak Oinezaren aurkezpenean Moda, istorio zaharrak eta lelo eta logo berriak Oinezaren aurkezpenean

Hurrengo ekitaldiak